Barrakoian 25 urte
Biografia
Jexuxmai Lopetegi (Zarautz, 1956) abeslari eta gitarrista gipuzkoarra da. Akelarre taldearekin egin zen ezagun 80ko hamarkadan, eta ondoren bakarkako ibilbideari ekin zion Jexuxmai & Noizbehinka izenarekin. Ahots bero eta atsegina du Lopetegik, eta bere kantagintzak rock, blues, pop eta folketik hartzen du.
Jexuxmai Lopetegi 1970 urtean taularatu zen lehen aldiz, bere anaia zaharraren taldean, hamalau urte zituelarik. 1976an Sasi taldea sortu zuen eta Zarauzko Musika Plazan aritu zen. Euskaraz eginiko dantzaldien eredu bihurtu zen Zarauzko « Musika Plaza ».
1984an Akelarre taldekoek Anje Duhalde ordezkatzeko proposamena luzatu zioten eta bapatean musika lanbidetzat hartu zuen. Akelarrerekin bost disko grabatu zituen 8 urteko ibilbidean: Mari, Rockzale, Gauero zuzenean, 7.90 eta Akerraldian.
1993ko martxoan Akelarre utzi eta bere bakarkako lehen lana prestatzen ari zela, Kepa Junkera-k deitu zion bere proiektu berrirako. Bi urtez Junkeraren bandan zuzeneko abeslari modura aritu ondoren, 1994ko otsailean « Kalejira al-buk » grabatu zuen. Sei hilabete lehenago, Pausoka ekoiztetxearentzat, Joseba Gotxiren bitartez, Goenkale telesaileko sintonia grabatu zuen. Kantak 1994tik 2000 urtera arte iraun zuen ETB1ean.
– « Jexuxmai & Noizbehinka » (Gor, 1994): Durangoko Azokan irten zen kalera bere lehen bakarkako lana, Niko Etxarten « Kilikas estudioan » grabatua. « Oporrak » kantak aukera eman zion bere bakarlari ibilbideari hasiera emateko. 1994Ko apirilan hiru aste egon ziren Altzaien, Niko Etxarten etxean okupa modura, ilusio handiarekin, ausart, ausardi.
Taldekideak: bateria: Karlos Aranzegi, baxua. Alberto Garzia, gitarra: Xanet Arozena eta Jexuxmai. Jose Alberto Batiz eta Luis M. Moreno « Pirata » lagundurik.
– « Denboratik at » (Soar eta abar, 1997): Bigarren diskoan, lehengoaren ildo beretik jarraitu
zuen, kantu propioak eta Joseba Sarrionandiaren poema musikatuak grabatuz. Garai horretan Arkaitz Miner eta David Soriazu izan ziren taldeko gitarra joleak. « Barrakoian 25 urte » bilduman disko horretatik azaltzen diren kantak « Denboratik at » eta « Esku ahurreko marrak » dira.
– « Ez diren gauzak » diskoan (Soar eta abar, 1999): Besteren hitzetara jo zuen kantu guztiak osatzeko (Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Mikel Markez, Unai Iturriaga, Andoni Egaña), eta talde elektrikoaren formatuari eutsi zion. « Sorlekuaren kanta » eta « Ez diren gauzak » aukeratuak izan dira bildumarako
2000. urtean hilabeteko egonaldia egin zuen Venezuelan, Pako Aristi idazlearekin eta Mikel Markez kantariarekin, eta hiru emanaldi eskaini zituen. Sei urte geroago, 2006an, Argentinako Rosario hirian aritu zen hirukotea.
– « Laua »: Diskoan (Egilea editore, 2003), ohiko taldeaz gain, hainbat kolaboratzaile bildu zituen: Jose Alberto Batiz gitarrista eta Akelarreko taldekide ohia, Angel Unzu (Ganbara), Arkaitz Miner (Tapia eta Leturia, Aintzina, Ruper Ordorika, Arrabots…), Xanet Arozena (Akelarre)… Goraipatzekoa da Arkaitz Minerren biolin konponketa zoragarria « Kafka pasean » kantan, eta Luis M. Moreno « Pirata »k eginiko bukaerako saxofoi soloa.
« Laua » eta « Zarautzen » dira bilduma osatzen duten disko horren beste kantak.
– « Izar uxo » (Elkar, 2009): Momentu izugarria bizi izan zuen Jexuxmaik aurrez aurre, kontrabaxua, pianoa eta bateria grabatzen « Ni naiz Basquiat » kantuan. Bi toma izan ziren eta bigarrena gelditu zen betirako. Oraindik ere entzuten duen bakoitzean dio « aze swing benetakoa ». Garai horretan “Spring onions “ zuten izena Satxa Soriazu, Kike Arza eta Juanma Urriza jazz hirukoteak, “Cebolletas” lagunentzat.
Elkar diskoetxearen adeitasunez.
– « Errekan gora » (baga-biga 2013): “Paisaia intimoa” kanta, “Gure oroitzapenak” bildumarako prestatu zuten Satxa Soriazu, Unai Moraza eta hiruok, agian labur metraia baten batean erabiltzeko girotua. Bertsio hau ez da inon publikatua. « Uhinak marrazten » da bilduman agertzen den beste kanta.
baga-biga diskoetxearen adeitasunez.
– « Itzal zaunka » (Elkar, 2016): Disko-liburua argitaratu zuen Harkaitz Cano eta Antton Olariaga-rekin batera. Antton Olariagaren bultzadak bildu gintuen Harkaitz Cano eta hiruok lanera. Lopetegik esanik: « Horrek eman zian bi artista handirekin lana egiteko aukera eta ondorioz asko estimatzen dut daukagun adiskidetasuna ». Bildumako kantak: « Dantzari bakartia », « Konforme » eta diskoa ixteko « Bukatzen jakin behar ».
Elkar diskoetxearen adeitasunez.
– « Barrakoian 25 urte » (Belarri 2020): Kantu bilduma, 14 aipatutako kantak osaturik.
Hitzak (kantuen osagarri garrantzitsua):
· Joseba Sarrionandia: « Sorlekuaren kanta », « Ni naiz Basquiat », « Paisaia intimoa » eta « Esku ahurreko marrak »
· Harkaitz Cano: « Konforme », « Laua », « Dantzari bakartia » eta « Bukatzen jakin behar »
· Jexuxmai Lopetegi: « Oporrak », « Uhinak marrazten », « Ez diren gauzak », « Kafka pasean », « Zarautzen » eta « Denboratik at »
Kantu guziak: Jexuxmai Lopetegi
Produkzioa musikala: Jexuxmai Lopetegi, Unai Moraza eta Satxa Soriazu.
Ekoizpen artistiskoa: Matthieu Haramboure, Belarri.
Horrez gain, haurrentzako musika egin du « Kukurruku! Zer diozu? » diskoarekin (Hik Hasi, 2002), eta kolaborazioak eta konposizio lanak egin ditu hainbat talde eta musikarirentzat, hala nola, Ganbara (“Bihotz erratua” kantako hitzak), Izotz (“Milaka”), Maixa ta Ixiar (“Zuhaitzarena” kanta), Mikel Markez, Tapia ta Leturia, Imuntzo ta Beloki…
2007ko eta 2008ko Zarauzko Jazz Mintegian Oliden’s Band taldeko partaide gisa aritu zen, gitarrista eta abeslari. Halaber, Bitoriano Gandiagaren omenezko “Bego eta bedi” emanaldian parte hartu zuen 2009ko otsailean, Jose Luis Padron eta Martin Etxeberria poetekin eta Concceta Probanza marrazkilariarekin.
2013tik, Imanol Urbieta Zarauzko Musika Eskolan egiten du lan erakasle gisa.