Miretsiz

Aurkezpena

“Bihotzetik ateratzen zaidan musika jotzen ari naiz eta ilusioz nago”. Horixe aitortu zion Mikel Artiedak kazetariari 2024ko uda hondarrean. Orduantxe ari zen Miretsiz diskoa forma hartzen bere baitan. Bihotzetik burura joanak ziren ordukotz ideiak eta gonbidatuak zituen fabrikara gainerako artisauak, miraria obratzen lagunduko ziotenak. Ander Zulaikari eta Javier Lopez Jasori ez zien azalpen sobera eman behar izan, hilabete batzuk lehenago ondoan izan baitzituen, lehena bateria eta bigarrena akordeoia jotzen, hain xuxen ere jazz-masterraren amaierako errezitaldian. Bidelagun izaten jarraitzea proposatu zien, paisaia berriak deskubritzen joateko. Eta horretarako, eskifaian kantari bat ere nahi baitzuen, Leire Berasaluze konbentzitu zuen, haren ahotsaren kolore guzien paleta ekar zezan proiektura, hitzez ere zizelkatzeko disko berria.

Mikel Artiedaz solasean hasten naizenean, nahitaez etortzen zait burutara gure etxeko sukaldea eta han akordeoia jotzen zuen zortzi-bederatzi urteko mutiko koxkorraren aurpegia. Haren behatz dantzariek musika bihurtzen zuten sorgindua iduri zuen hauspo bateko haizea, eta mutikoa bera ere harritzen zela erranen nuke. Bere inguruan, denoi argitzen zitzaigun bisaia, liluraturik, eta berari inori baino gehiago. Behatz trebe haiek zurlan ederrak egiteko ere balioko zuten segur aski, Mikelen aitarenak bezala, baina gero gitarra jotzen hasi ziren, denboraren gurpilak jiraka segitzen zuen bitartean, mutiko hura Euskal Herriko baxu-jotzaile hoberenetako bat izatera ailegatu zen arte. 

Oinarrizko laguntzailea izan da urte aunitzez bertze musikari lagunek abiarazitako ekimenetan, taldekide finkoa haietako zenbaitetan, eta aldizkakoa bertze hainbertzetan. Hamaika plazatan aritu da, 50 disko baino gehiagotan parte hartu du, makina bat kilometro egin ditu airez, itsasoz nahiz idorrez. Bertzerentzat emanez, eta bertzerekin. Baina bere-berea sortzeko bulkada ere sentitu du beti. Bi disko instrumental plazaratuak ditu bere piezaz osaturik (M. Artieda eta Bidai), eta orain hirugarrena ekarri digu, hitzak eta boza ere gehiturik.

Pertsona eta musikari umoa da gaur egun Mikel Artieda, humus joria metatua baitu bere baitan. Hortik sortu da oparitu nahi digun Miretsiz hunkigarri hau. Chema Vilchezen gogoetek eragin diote azkenaldian, musikari, idazle eta pentsalari madrildarra irakasle izan baitu egin berri duen jazz-masterrean. Horixe du azkeneko jalkina, Mikelen ore aberatsaren hondarreko geruza.

Obra hau gauzatzeko, gainetik kendu ditu pausoa moteltzen diguten pisu guziak eta atera ditu oinetakoen barreneko harri koxkorrak. Gogoa uhertzen duen eta izartegia ikusten uzten ez digun kutsadura toxikoa ere uxatu du. Bere arimaren muinera jo du, biluztasunera, benetakotasunetik sortzeko. “Bihotzetik ateratzen zaidan musika jotzen ari naiz”. 

Miretsiz izena eman dio besapean dakarkigun diskoari. Musika sortuz harritzen zen mutiko hark segitzen du Mikel Artiedaren baitan. Liluratzen da bertze norbaiten ahots zoragarria adituz edo egunsenti gorri bati begira. Baina ikasi du argiaren ondotik iluna ere badatorrela. Erantzunik gabeko galderak ditu. Bere bidean aitzinera doa; ez du xokorik utzi nahi bisitatu gabe; eta une bakoitza bete-betean sentitu nahi du. Zortzi kanta eder (zazpi gehi bat), bizitzari eskainiak.

Mikel Taberna Irazoki (2024ko abendua)

 

Musikariak

Ahotsa: Leire Berasaluze
Baxua: Mikel Artieda
Eskusoinua: Javier López Jaso
Bateria: Ander Zulaika

Hitzak: Mikel Taberna & Mikel Artieda

Soinu hartzailea: Gorka Urra

Zuzenean grabatua 2024ko azaroaren 17an Lezoti estudioan

Bidoak

Musika

Bere denda:

Bere webgunea